Artistaren gaztetako portreta

1917ko edizioa

Artistaren gaztetako portreta James Joyce idazle irlandarraren lehen nobela da. Estilo modernistan idatzita dagoen Künstlerroman bat da (artista baten bizitzari, lanari eta sormenari buruzko eleberria). Stephen Dedalusen, Joyceren alter ego fikzionalaren, iratzartze erlijioso eta intelektuala kontatzen du. Joyceren alter egoaren abizenak erreferentzia egiten dio greziar mitologiako Dedalo artisau bikainari. Stephenek zalantzan jartzen ditu berak bizitako konbentzio katoliko eta irlandarrak eta horien aurka matxinatzen da. Azkenean, Europa kontinentean bere burua erbesteratzen bukatzen du. Ondorioz, Joycek bere lehen liburu honetan erabiliko ditu etorkizunean Ulises (1922) eta Finnegans Wake (1939) lanetan garatuko dituen teknika batzuk.

1904an hasi zen liburua idazten. Garai hartan, Stephen Hero izena jarri nahi zion, eta hasieran 63 kapituluko nobela autobiografikoa izango zen, estilo errealistan idatzita. Baina, 25 kapitulu idatzi eta gero, Joycek alde batera utzi zuen ordura arte egindakoa, eta 1907an lana berridazten hasi zen. Liburuko gaiak eta protagonista moldatu zituen bost kapituluko nobela trinkoa izan zedin. Errealismo zorrotza alde batera utzi eta zeharkako estilo librea maiz erabili zuen, irakurleak Stephen garatzen ari zen kontzientzia ikus zezan. Ezra Pound poeta amerikar modernistak serie moduan argitaratzea lortu zuen The Egoist literaturazko aldizkari ingelesean 1914an eta 1915ean. Azkenik, 1916an B.W. Huebschek New Yorken liburu moduan argitaratu zuen. Artistaren gaztetako portreta nobelari eta Dublindarrak (1914) istorio bildumari esker lortu zuen Joycek bere burua modernismo literarioaren abangoardian kokatzea.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search